Copreci boladan dago

Kontsultatu Copreciren azken albisteak.

Albisteak

Copreciko zuzendari nagusi berria

Gipuzkoako kooperatibak aro berri bati ekin dio, Javier García San Martín (Aretxabaleta, 1971) izendatu baitu kooperatibako zuzendari nagusi. Orain arte, Javier Ulma Forjako Operazio eta Ekoizpen zuzendaria zen, eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia du Zuzendaritza Batzordeetan.

Mondragon Unibertsitateko ingeniari tekniko mekanikoko ikasketak egin zituen, eta, ondoren, diseinu mekanikoa ikasi zuen Lausanneko Eskola Politeknikoan (Suitza). Ikerlan zentro teknologikoko diseinu mekanikoko departamentuko arduradun gisa lan egin zuen, eta, ondoren, hainbat kargu bete zituen Fagor Etxetresna Elektrikoetan, bertako zuzendari industrial izan zelarik.

Javierrek esan digunez, “ilusioz gainezka nago, badakit erronka oso indartsua dela, sozialki eta enpresarialki, eta prest nago topera lan egiteko denok proiektu honen parte senti gaitezen”.

Kasualitatez, Javier García Javier Garcíaren semea da. Javier Garcíak ibilbide profesional garrantzitsua izan zuen kooperatiban, Erosketa sailean lan egin baitzuen, 1999-2003 bitartean presidente izan zen eta Copreci Mexicoko gerente moduan bukatu zuen bere ibilbidea. Horrela, Javier García semeak Coprecirekin lotura emozional hori izatearen abantaila du, kooperatibaren abentura etxean bizi izan ondoren. Zorte on etapa berrirako!!